Bilbo: Labayru, 1997. — 202 orr.
Sorne Unzueta, Unzueta'r Sorne, edota laburduraz eta ezizenez «Utarsus» deritxan emakume idazlearen liburu honi sarrerako berbak eskeintzea pozgarri eta ohore handia da niretzat, Bilboko alkate nazan aldetik.
Eta Bilboko Uriko Udala literatura-sortzapenen bildumatxo honen babesle izateak badauka arrazoi sakon bat. Gaur Bilbogaz bat eginik dagoan Abandon jaioa dogu liburu honen egilea; orain amaitzen doan mende honegaz batera. Bilbon jaio, hazi, euskaldundu eta nortasuna jaso. Emakume hau eredu dogu alde askotatik bilbotar eta euskaldunontzat. Erdaldun jaio eta gaztetxotan euskera ikasi eban, edo hobeto esanda, gogo-bihotzak euskaldundu zituan Sorne Unzuetak, mendearen lehen hamarkadetan Bilboko Uriak ezagutu eban euskalzale eta abertzale giro sutsuaren epelean. Gazterik konturatu zan, abertzale izateak gitxi balio ebala euskera ikasi ezean, eta euskera ikasteko orduko sasoian gaurkoen aldean metodologia eta ikas liburu txatxarrak izanagaitik, gogoak, adoreak eta borondateak ezintasun guztiei ganea hartu eutsen.
Irakasle edo anderefio bihurtu zan ikasketen ondorik, eta hor ibiliko jaku Bizkaiko auzo eta herri euskaldunetan neska-mutiko txikiei eskalea euskeraz ematen. Liburu honen irakurlea berehala ohartuko da idazlearen anderefio senaz. Literatura sortzerakoan, ikasle edo irakurle gaztetxoak gogoan izan dituala arin susma daiteke. Horrexegaitik bada, erraz eta atseginez irakurtekoak dira helduontzat be, eta euskera irakurtera gitxi ekandu diranentzat be bana-banakoak dira ipuinok.
Kontakizunok irakurri ahala, berehala ohartuko da, bestalde, irakurlea, irudimenez eta sorkuntza senez beteriko idazle baten aurrean gagozala; gogotik lumara berez-berez jatorko berben isuria, irudien jarioa, gertaeren etorria. Berezko senak daroa idaztera Utarsus, ez militantismo soilak. Eta barruko sortzapena euskeraz eskeintzeko ahaleginak egin ditu, aberriari eta euskaldunoi zerbitzu on bat egin gurarik. Bihotzez eskertzekoa ahalegin hori!
Bilboko Uriko alkate legez zorionik beroenak opa deutsadaz emakume euskalzale honi liburua argitaratzean, eta bide batez uritar eta herritar guztioi, eta berariaz emakumeoi, eredu legez aurkeztu gura neuskizue «Utarsus»: idazle, irakasle, emakumeen eskubideen jagole eta euskaltzale legez eman deuskun guztiagaitik.